|
 |
|
|
EGILEAK
Hungariako
Kaldereroen Konpartsaren sorrera talde-lana izanda ere,
pertsona jakin batzuen ekarria ezinbestekoa izan zen konpartsak
dituen ezaugarri bereziak sortzerakoan. Jende gehienak
daki, noski, Raimundo Sarriegik idatzi zuela musika; hitzak
norenak diren, ordea, ez da hain gauza ezaguna. Gaztelaniazkoak
Adolfo Comba y Garcíak idatzi zituen eta euskarazkoak,
berriz, Victoriano Iraola Aristigietak. Ez dakigu nork
asmatu zituen "Hungariar Kantua"ren hitzak,
baina badakigu ez dela, berez, hungarieraz idatzia; dialekto-nahasketa
bat izan behar du, nonbait, alemaneko hitzak eta donostiarrek
asmatutako hitzak ere badituena, seguru asko.
|

|
RAIMUNDO
SARRIEGI ETXEBERRIA (1838-1913)
Donostian
jaio zen, 1838ko martxoaren 15ean, lehenengo karlistaldiaren
bukaeran, baserritar familia batean.
Txiki-txikitandik
zaletu zen musikarekin. Tiple izan zen Santa Maria elizako
abesbatzan, eta, gerora, tenor ospetsua San Bizente parrokian.
Santesteban "maisuba"rekin egin zituen ikasketak,
eta haren ikasle kuttunena izan zen Sarriegi. Bere txaranga
sortu eta zuzendu zuen,“La Cítara”,
eta “La Euterpe” zeritzan garai hartako higikunde
musikalean ere parte hartu zuen.
Doinu
asko sortu zituen Donostiako Inauterietarako: Momo Jainkoaren
konpartsa, Hungariako Kaldereroen konpartsa, Inude eta
Artzaien konpartsa, Oilarren Zalditeria, Atsoen Zalditeria,
Sardina Lurperatzekoa… Doinurik ezagunenak, ordea,
Danborradakoak ditu: Tatiago, Iriyarena… 1861ean,
artean 23 urte bete gabe, Donostiako martxa sortu zuen.
Bestelako musikarik ere sortu zuen, zarzuela, adibidez:
“Pasayan” eta “Petra Chardiñ
saltzallia”. Hainbat ahotserako kantuak ere idatzi
zituen: “Beti maite”, “Illunabarra”,
Ramon Artola tolosar olerkariaren hitzekin. Txisturako
ere idatzi zituen Sarriegik doinuak: "Kontrapas",
bere besoetako Eusebio Basurkori eskainia; "Minueto",
eta "Alkate soñua", eta doinu ezagun
hori jotzen du gaur egun Txistularien Udal Bandak ospakizunetan
Donostiako udalbatzari laguntzen dionean.
Herri-musikaren sortzaile oparoa eta emankorra izan zen
Sarriegi; luzaroan entzun, kantatu eta dantzatu ditu herriak
haren doinuak, eta atseginez eta zirraraz entzuten dituzte
gaur egungo donostiarrek ere.
|
|
ADOLFO
COMBA Y GARCÍA
Jerez-en
jaio zen, Cadizko probintzian, XIX. mendearen erdian,
familia dirudun samar batean. Haren aitak grina bizia
zuen bere semeetariko bat marinel izan zedin, baina haren
seme zaharrena, Juan Comba, pinturarekin zaletu, eta margolari
ospetsua eta marrazkilari eta irudigile iaioa izan zen.
Oso trebea zen gertaerak marrazkiz zehatz eta egiantzaz
sumatzeko eta adierazteko, eta berehala izan zuen ospea
aldizkari askotako orrialdeetan. Margolari gisa ere bikain
askoa zen, hainbesteraino, non Alfonso XII.a errege, María
Cristina erregina eta Alfonso XIII printzearen ganbera-margolari
izan baitzen.
Aita
gogor zegoen bere bostean, seme marinela izan nahi zuela;
baina bere beste semeak, Adolfok, ez zuen ezta ere aitaren
nahia bete, eta ingeniari agronomo egin zen. Jerezko Etxalde
Experimentalaren zuzendari izan zen, eta garai hartakoak
ditu hainbat idazlan interesgarri, besteak beste, Manual
de Geometría Plana.
1881n,
Donostian bizi zen Adolfo Comba, urte harrezkeroztik arimetika
eta geometria praktikoko eta aritmetika komertzialeko
irakasle izan zen Arte eta Lanbide Eskolan; udalarena
zen, hain zuzen, eskola hura. 1897ko urriaren 8an, Donostian
eskolak emateari utzi zion Combak, Madrilera eraman baitzuten
lanera.
Urte
haietan, Adolfo Comba bete-betean sartu zen Donostiako
kultur eta jai giroan; eta horren lekuko dira gure artean
egon zen garaian hainbat gairi buruz Combak idatzitako
olerki, neurtitz eta bestelako testuak. Hainbat lan argitaratu
zuen, besteak beste, “El labrador guipuzcoano”,
baserritarren bizitza eta ohiturei buruz. (Euskal Erria
aldizkaria. 1900). 1883an, “Memoria sobre la ganadería
de Guipúzcoa y sus industrias similares, medios
de evitar su decadencia y fomentar su desarrollo”
argitaratu zuen; eta 1895ean, berriz, “Manual de
aritmética práctica para uso de los alumnos
de las escuelas de artes y oficios", F. Journet-ek
argitaratua eta Bartzelonako Arte eta Lanbide Eskolaren
zuzendariari eskainia.
“Marcha
Real del Carnaval” eta “Tango Real”
doinuen hitzak idatzi zituen 1881n. 1882an, berriz, konpartsa
horren “Segundo Himno” idatzi zuen, eta, 1887an,
Lorazainen Konpartsako "Marcha". Gaurko donostiarrentzat,
ordea, 1884an Hungariako Kaldereroen Konpartsarako idatzi
zituen hitzak dira Combaren lanik ezagunena.
1885eko
urtarrilean, Andaluzian gertatutako lurrikara ikaragarrien
ondoren, gizarte maila guztietako ehundik gora gaztek
osatu eta La Fraternal elkarteak antolatutako "Estudiantina"rako
neurtitzak ondu zituen Combak, “…con objeto
de implorar la caridad de este generoso vecindario y contribuir
a aliviar la triste suerte de los pueblos de la hermosa
Andalucía, a quienes las grandes catástrofes
de estos días han sumido en la miseria y el desconsuelo”,
1885eko "La Voz de Guipúzcoa"n irakur
zitekeenez.
1890eko
abenduaren 2an Ondarruko eta Donostiako traineruen arteko
estropadan donostiarrek irabazi, eta Luis Carrilen mutilei
Donostian egin zitzaien harreran eta omenaldian, hain
ibili zen Comba ere arraunlarien goraipamenezko hitzak
moldatzen.
1890ean
gizarte-maila guztietako 328 donostiarrek eskatu zioten
udalari Inauteri egunean soka-muturra egin zedila, udalak
ospakizun hura kendu nahi baitzuen, egun berean zezenketa
bat egitekotan zirelako aitzakiarekin; sinatzaile haien
artean zegoen Adolfo Comba ere.
1894ko
maiatzean, urte hartako udaldiko jai-egitaraua prestatu
behar zuen batzordeko kidea zen Adolfo Comba.
Eta, hala, hamaika ekitaldi eta jaitan parte hartu zuen
Combak, harik eta, arestian esan dugunez, 1897an Madrilera
joan behar izan zuen arte. Urriaren 13an, Donostiako alkateak
gutun bat bidali zion udalbatzaren izenean, eskerrak emanez:
“buenos y excelentes servicios que durante muchos
años ha prestado V. en pró de la enseñanza
en nuestro centro docente, de los cuales guardamos grato
recuerdo”. Eta urriaren 15ean, erantzuna bidali
zion Donostiako udalari Adolfo Combak: “…no
puedo menos de manifestar á esa Excma. Corporación
mi profundo agradecimiento por las lisonjeras e inmerecidas
frases que me dedican que jamás olvidaré,
puesto que lleno de buen deseo y amante de la clase obrera,
he procurado solamente cumplir siempre con mi deber; viviendo
eternamente en mi memoria el grato recuerdo de esa encantadora
Ciudad y sus nobles hijos, y el del para mi siempre venerado
solar guipuzcoano”.
|
|
.
 |
BITORIANO
IRAOLA ARISTIGIETA (1841 – 1919)
“Famaren
otsak goititutzen du merecí duben erriya…”
Horrela hasten da Kaldereroen Konpartsako euskarazko abesti
bakarra, Victoriano Iraolak idatzia.
Gotzon
Egiak “Donostiar haien garaia” (Alberdania
– 2002) liburuan kontatzen digunez, Iraola Pasai
Donibanen jaio zen, baina Donostian bizi izan zen beti.
Catalina Alvarez azpeitiarrarekin ezkondu, eta bi alaba
izan zituen, Dolores eta Maria.
Moldiztegitxo
bat zuen Legazpi kaleko 5. zenbakian, eta hantxe bertan
bizi zen. Gizon alaia zen, umore onekoa.
Asko
idatzi zuen, estilo eta tankera desberdinetan; euskaraz
beti. Olerki pila argitaratu zuen garai hartako aldizkari
gehienetan: Euskal Erria, Euskaltzale, Ibaizabal, Revista
Euskara de Navarra, Euskal-Esnalea… “Bi ichubak”
(1884) eta “Orentzaro gaba” (1894) antzezlanak
idatzi zituen; eta “Petra chardiñ saltzallia”
(1888) zarzuelako hitzak ere bai, Raimundo Sarriegik jarri
ziola musika. Ipuin asko ere idatzi zituen, aita Zabalak
“Auspoa” bildumako “Oroitzak eta beste
ipui asko” liburuan bilduak. Marrazkilari bikaina
zen baita ere. Arestian aipatu dugun liburuan bi erretratu
argitaratu zituen, bata Bilintxena eta bestea Cayetano
Sanchez Irurerena. “El Thun Thun” astekaria
sortu, eta marrazki eta komiki pila argitaratu zuen han.
Union
Artesana elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, eta,
horregatik, danborradak geldialdi bat egiten zuen urtero
haren etxe aurrean.
Donostiako
udaleko zinegotzia izan zen urte askoan. Espainiako errege-erreginak
udaldia Donostian pasatzen zuten garaian, errepublikarra
eta autonomiazalea zen Iraola. Euskararen eta euskal ohituren
aldeko langile porrokatua izan zen. Bestalde, oso maite
izan zuen Iraolak Donostian tinko errotutako festa bat:
soka-muturra.
Donostian
hil zen, 1919ko irailaren 19an.

|
|
|