HUNGARIAKO KALDEREROAK Hungariako Kaldereroen Konpartsa Donostiako inauteriekin oso lotua egon da, kaldereroen kantuko hitzek diotenez: Caldereros somos de la Hungría, que venimos a San Sebastián; aquí Momo solo nos envía, a decirles que pronto vendrá… Datu askoren arabera, badakigu Donostiako inauteria urtarrilaren 20an, San Sebastian martiriaren egunean, hasten zela eta Sardina Lurperatzean bukatzen, inauteriko asteartean. Horregatik ospatzen dugu donostiarrok Danborrada urtarrilaren 20an, Hungariako Kaldereroak otsaileko lehenengo larunbatean, eta Artzaien eta Inudeen konpartsa, berriz, otsaileko lehenengo igandean. XIX. mendeko donostiarren bizimoduan oinarritua dago kaldereroen konpartsa; musika Raimundo Sarriegik idatzi zuen, eta hitzak, berriz, Victoriano Iraolak (euskaraz) eta Adolfo Combak (gaztelaniaz). 546. urtean, eliza katolikoak Kandelaria eguna ezarri zuenetik, erromeroa eta kandelak bedeinkatzen ziren elizetan. Donostian oso sustraiturik egon zen ospakizun hori, harik eta Pio X.a aita santuak lan-egun bihurtu zuen arte. Inauteri garaiko jai egun hura baliatuz, irten zen lehenengo aldiz kalera, 1884ko otsailaren 2an, Unión Artesana elkartetik, Hungariako Kaldereroen konpartsa, Raimundo Sarriegiren musika joz. Segizioaren aurrean, bi banderadun zaldiz eta bi gurdi, Hungariakoen tankerakoak, trastez beteak: pertzak, sutontziak, lapikoak… Alboetan,
neska-mutil hungariarrez mozorrotuak, Offenbacheko zaldunak, lepoko handiz
apaindutako mandoek eramandako gurdiak, jenizaroz jantzitako musikariak,
alabardari-talde bat, zazpi gendarme zaldiz, eta, segizioa osatzeko, hemezortzi
gendarme, oinez, ordena zaintzen. Kaldereroen konpartsak baditu pertsonaia jakin batzuk, eta Eugenio Gabilondo, "Calei Cale", garai hartako idazle eta kazetariak horietariko batzuk aipatzen ditu. Alanbre edo Alanbratzaile esaten diona da horietako bat, eta honela definitzen du "Calei Cale"k: "gizon maltzurra eta zikina, eltzeen eta kazolen konpontzailea". Honela iragartzen omen zuen kalez-kale bere etorrera: "Alanbratzekorik! Kazuela, eltzerik edo neska zaharrik!". Sarriegik idatzitako Hungariar Kantuaren sarreran, hain zuzen, antzeko esaldia esaten da: Alanbratzekorik guretzat nork du! "Componi calderas" zen garai hartako beste pertsonaia bitxi bat; zartagiaren kirtenean mailuz jotzen zuen, hots garbi eta zehatza atereaz. Gainerako kaldereroek bezala, hark ere mailuaren erritmoaz jarraitzen zituen Sarriegi maisuaren doinuak. Hartza eta bere Hezlea 1925ean hasi omen ziren kaldereroen konpartsan ateratzen, baina bazegoen aldez aurretik bi pertsonaia horien aipamen bat Donostiako inauterietan, 1885eko urtarrilaren 20koa: buhame talde bat Donostian barrena ibili zen, lau hartzarekin; hartzak dantzarazten zituzten, eta txundituta utzi zuten jendea. 1930-1940 hamarraldikoa da Kaldereroen Erreginaren lehenengo aipamena. 1942an, Gaztelubide elkartea hasi zenean konpartsa antolatzen, indartu egin zen pertsonaia hori. Gauza bitxia da erreginaren pertsonaia berdin irudikatu izan dutela gizonezkoek zein emakumezkoek. Umeak betidanik irten izan dira kaldereroen konpartsan, ijito-leinua irudikatzeak hala eskatzen baitu, baina 1900 arte ez zuten umeek zeregin nabarmena izan konpartsan, ordu arte ez baitzuten berentzako dantza eta kantu berezirik, eta, hain zuzen ere, 1986an, Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsak berriz sartu zuen bere errepertorioan umeen kantua eta dantza. |
|||||